XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SESB: Zuriguneen amaiera VLADLEN SIROTKIN.

Goiko argazkia, 1929ko maiatzaren 1ean Plaza Gorrian tribuna ofiziala. Bujarin ezkerretik hasita lehenengoa da. Goian, Trotskiri buruz oraintsu egunkari sobietarretan argitaratu diren zenbait artikulu

SOBIETAR Batasunean, bai bertako historiaren bai mundukoaren zenbait gertakari isilean gorde dira erabat.

Ez da gezurrik ere esan, ez, isildu egin dira, eta kito.

Zuriguneak deitzen zaie.

Hala adibidez, Bujarin, Zinoviev eta Trotski boltxebike zaharrak eta hil zituzten beste batzuk ezabatu egin dira iraganetik.

Horregatik, gaur egun biografien argitalpenak aparteko arrakasta lortu du.

Nekazaritzaren kolektibizazioaren eta industrializazioaren ikusmolde estalinista erabat baztertu da.

Ondorioa: historiako azterketak kendu egin behar izan ditugu eskuliburu berririk ez zegoelako.

Alderdi komunistaren, komunismo zientifikoaren eta sozialismoaren ekonomia politikoaren historia irakatsi ordez, XX mendeko historia sozial eta politikoaz ematen ditugu ikastaroak.

Eskuliburu berriak egiten ari dira.

Alderdiaren historiaz saiakera izenburua duen liburua prestatzen ari da talde bat, beste bat Sobietar Batasunaren historia bat lantzen ari da.

Ni neu historia unibertsal baten egileetakoa naiz, Frantzia, Italia, Espainia, Suiza eta Beljikako gaietan espezializatua bait naiz.

Historiagile zirkuluak aldatzen ari dira bete-betean.

Alde batean irakasle ongi instalatua dago, opositorea izaten da, intelektual mailan behintzat.

Bestean gazteria dago: ikertzaileak, unibertsitateko irakasleak, ezkertiarrak, apartean geratzen den talde bat osatzen dute gehienbat.

Gero, erdian, gu gaude, berrogeitabost urtetik berrogeitamar bitartekoak.

Egoerak aurrera egin dezan ahaleginetan ari gara.

Har dezagun esate baterako Frantziako Iraultza.

Orain dela bost urtera arte, Izualdiaren garaia ikasten zen nagusiki.

Izualdirik gabeko iraultza zen iraultza - horrela justifikatzen zen terrorismoa.

Robespierre salbu, Iraultzako gainerako buruzagi guztiak ez ziren ikasten.

Aurten, berreungarren urteurrena zela eta, gauzak hobeto egin dira; zurigune batzuk betetzea lortu da eta horretarako gertakari iraultzailearen aspektu guztiak modu objektiboagoan aztertzen dituzten liburuak argitaratu dira.

Beste horrenbeste gertatzen da Ingalaterrako eta Iparramerikako iraultzei dagokienean.

Neronek idatzi ditut zenbait artikulu hiru iraultza horien eta Urriko Iraultzaren arteko konparaketak eginez.

Orain gutxira arte, hitz asko, hitz eta izen asko tabuak ziren: konberjentzia, gulag, Sajarov akademikoa....

Eta ez arrazoi historikoengatik, politikarekin zerikusia zutelako baizik.

Orain libre hitzegiten dugu gai horiez eta era askotako iritzi ezberdinak azaltzen dira.

Itxurazko berdintasuna desagertu da; orain iritzi aniztasuna, demokrazia da nagusi orain dela bost urtetik hona dena aldatu da.

Zenbait kontserbadore ahalegin horri trabak jartzen ari dira, noski.

Baina unibertsitatean, nik irakasten dudan lekuan, gauzak oso ari dira aldatzen.

Han bi alde dituen lana egiten dugu: irakatsi eta ikertu, eta ikasleek aldaketa bultzatzen dute.

Mugimendu hori bera maila guztietan ari da gertatzen.